Independentistak sareak bultzatuta Euskal Herri osoan zehar egiten ari den olatu berdearen harira, independentziaren aldeko ekimen berdea burutu dute gaur Munitibarren. Goizeko 10:00etan herritik irten eta 150 lagunetik gora izan dira ibilaldi berdea egin dutenak Motrollo mendi tontorreraino. Kamiseta, kapel, eta abarreko soineko berdez jantzita, bandera berdeak eta ikurriñak eskuetan, egin dute bidea.

Tontorrean, Ikurriña eta independentziaren aldeko bandera berdea jarri dituzte, eta ondoren ekitaldi politikoaren txanda izan da. Ekitaldian, Txutxi Ariznabarreta, Independentistak sareko kideak, hartu du hitza eta, sarearen ibilbidea eta egitasmoak aipatu ondoren, Kosovori buruz Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak plazaratu duen ebazpenari buruz hitz egin du.
Independentistak sareak datozen egunetan gaiari buruzko hausnarketa sakonagoa egingo duen arren, independentistentzat duen garrantzi kontutan hartuta, behin-behineko balorazio laburra egin du.
Bere ustetan, “ebazpenak argi eta zehatz adierazten du nazioarteko zuzenbideak ez duela galarazten independentzia aldarrikapenik eta, ondorioz, Kosovok ez duela legerik urratu.
“Nahiz eta Kosovo eta Euskal Herriaren arteko desberdintasunak handiak izan eta bertako prozesu politikoa guretzat eredua edo erreferentzia ez izan, euskal independentistontzat oso garrantzia handia du Hagako ebazpen honek: era tinkoan babesten du herriek eta nazioek bere etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea, guretzat ikuspegi demokratikotik oinarrizkoa den eskubidea, hain zuzen ere. Argi geratu da independentziarena proiektu politiko zilegia dela eta autodeterminazio eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa dela Europan ere”.
Ariznabarretaren esanetan, “ez da kasualitatea espainiar Estatuak izan duen jarrera Kosovoko auziaren aurrean eta orain mantentzen duena Hagako ebazpenaren aurrean. Jarrera guztiz defentziboa, ikusten duelako ebazpenak zilegitasuna eta indar berria ematen diela bere menpe dituen nazioen aldarrikapen independentistei. Bere arazoa da, alde batetik, espainiar Konstituzioaren edukiak talka egiten duela Nazioarteko Justizia Auzitegiak hartu duen erabakiarekin, eta bestetik, Kosovoren independentziaren aurka erabili dituen argudioak, neurri handi baten, Euskal Herria, Katalunia eta Galiziaren erabakitzeko eskubidearen aurka erabiltzen dituen argudio berak direla, eta goitik behera deuseztatuak geratu direla Hagako ebazpenarekin”.
“Espainiaren jarrera Europako Batasunean ematen ari den errealitatearen aurka doa eta , ezinbestez, denbora pasatu ahala, bere jarrera aldatu beharko du”.
“Behin eta berriro esan dugu XXI. Mendeak aukera berriak eskaintzen dizkigula independentistoi eta Hagako ebazpen hau horren isla da. Orain dela 200 urte hasi ziren gauzatzen Ameriketako herrien independentzia prozesuak. Orain, bi mende geroago, Europako estatu gabeko nazioen ordua heldu da, eta azken urteotan etengabe ari dira pizten prozesu independentistak. Bai, independentziaren ordua da Europan eta guk, euskal independentistok, ezin dugu aukera pasatzen utzi”.
Sarekideen artean berriak sortu duen ilusioa aipatu eta deia luzatu die herritarrei: “Independentistak sarea sortzeko lanean ari garen lagunon artean ilusio handia piztu du Hagako ebazpenak, eta indar berriak ematen dizkigu gure erronkari oraindik kementsuago ekiteko. Euskal Estatu propioaren aldeko auzolan erraldoi honetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar independentista guztiei, ziur gaudelako datozen urteotan prozesu independentistek bilakaera gero eta azkarragoa izango dutela Europan. Posible dela eta gai garela sinesten badugu, lortuko dugu”.
Bukatzeko indar abertzaleentzako mezua, sarearen izenean: “independentziaren aldeko oinarrizko estrategia adostu eta ildo horretan elkarlanean jartzeko deia egiten diegu indar abertzaleei, garai berriek eta gure Herriaren etorkizunak hori eskatzen duelako gero eta argiago”.
Independentistak sareak olatu berdea Euskal Herriko bazter guztietara hedatzeko lanari ekingo dio udan zehar, eta ekimen jendetsuagoak aurreikusten ditu udazkenerako. Urriaren 12an Iruñean burutzeko prestatzen ari dena izan daiteke lehena. Era berean, eztabaida prozesua jarriko du berriro martxan iraila eta urrian zehar sarearen ezaugarriak, egitasmoak eta antolatzeko eredua finkatzeko.
